02/10/2020

Osteophoenixen inbertsio-txandaren balorazioa

Duela gutxi amaitu da Osteophoenixen inbertsio-txanda Crowdfunding Bizkaian. Uztailaren hasieran hasi zen eta 50.000€-ko hasierako helburua aise gainditu zuen inbertsio-txandak, 60.000€ lortuz, arrakasta handia izan du eta bultzada handia suposatu du hezurrak eta ehunak birsortzen dituen enpresa bizkaitarrarentzat.

Horri esker, merkatu amerikarrean sartzeko FDA ziurtagiria lortzeko prozesuarekin jarraitu dezakete, baita laborategiko probetarako langile espezializatuak kontratatzeko inbertsioa egin ere. Lorpen hau partekatzen dugu Crowdfunding Bizkaian eta Osteophoenixen taldearekin errepasatu dugu.

Garai zailean lortutako arrakasta

Batzuetan zaila izan daiteke inbertsio-txanda bat abian jartzea. Hortzak bezalako sektore batean ardaztuta egotea (agian ez da hain mundu ezaguna edo publiko orokorrarentzat hainbesteko interesa duen mundua), udan egitea eta, gainera, mundu-mailan dagoen ziurgabetasun-egoera, inbertsioa aurrera ateratzea eragotzi ez duten handicap txikiak izan dira.

Hala ere, sektoreko profesionalek eta partikularrek, ez bakarrik estatu mailakoek, baizik eta baita Italia, AEB eta Kolonbia bezalako herrialdetakoek ere interes handia erakutsi dute proiektuan, bere ekarpena Crowdfunding Bizkaia plataformaren bidez egin dutelarik.

Arrakasta honi esker, Osteophoenix lehenago haien interesa piztea lortu ez duten zenbait sektoretako erakunde eta entitate berrirekin harremanetan jarri da. Gainera, kontaktu hauekin batera, etorkizunean egingo den inbertsio-txanda handiagoan azter daitezkeen aukera batzuk ere planteatu dira.

Bere planen artean, esperientzia honen ondoren, merkatu handiagoetan sartzeko asmo handiagoko proiektu bati ekitekoa dago. Dena aurreikusitakoaren arabera badoa, merkatu amerikarrean zabaltzeko FDA lortu ondoren, ate gehiago irekiko dira Osteophoenixentzat eta errazagoa izango dute Europako beste merkatu batzuetan sartzea.

Osteophoenixen ustez, arrakasta ez da soilik inbertsio-txanda helburu ekonomikoa lortuz eta berau gaindituz itxi izana, baizik eta, taldearen hitzetan, garrantzitsuena antolaketa eta esperientzia izan dira”.

Osteophoenixeko Luz Lizarazok uste du “esperientzia oso aberasgarria” izan dela, eta “inguruan pertsona- eta enpresa-talde berezi bat izan dutela, enpresa finantziazioa lortzeko prestatzen lagundu diena”.

Crowdfunding Bizkaiatik, Osteophoenixen hitzak eskertu eta zorionak emateaz gain, merezi duten eta seguru izango duten etorkizun arrakastatsua opa diegu.

Osteophoenix bezalako kasu gehiago ezagutu nahi badituzu, edo ekintzailetzaren, startupen eta crowdfundingaren munduaren berri izan nahi baduzu, sartu zaitez gure blogera hemen.