04/03/2019

Crowdfunding Bizkaia, partaidetzan oinarritutako finantzaketara zuzendutako administrazio publiko baten lehenengo online plataforma

Duela denbora gutxi arte, proiektu edo ideia bat finantzatzeko bideak finantza erakundeetatik, diru-laguntza publikoetatik, senideetatik, lagunetatik edo inbertitzaile pribatuetatik igarotzen ziren. Gaur egun, ekintzaileek beste alternatiba bat daukate euren proiekturako, betidaniko finantzaketaren osagarria: partaidetzan oinarritutako finantzaketa plataformak. Plataforma horiek mota guztietako proiektu motak garatzeko aukera ematen dute, sormenean eta teknologian oinarritutako proiektuak, eta baita elkartasunean oinarritutakoak ere.

Testuinguru horretan irabazten du garrantzia Crowdfunding Bizkaiak, partaidetzan oinarritutako finantzaketara zuzendutako administrazio publiko baten lehenengo online plataforma. Crowdfunding Bizkaiaren helburua Bizkaia bultzatzea da, ekintzailetzaren ekosistema indartuz, proiektu onei hazten lagunduz eta ideia hoberenak lurraldera erakarriz. Horretarako, plataformak proiektu berrietarako finantzaketa alternatiba berritzailea eskaintzen du eta proiektuak bultzatzen dituzten sozietateen kapitalean sartzeko aukera eskaintzen die horietan inbertitu nahi dutenei.

Crowdfunding Bizkaian parte hartzen duten proiektuak Bizkaian egon beharko dira, eta ekonomia-finantza azterketa zehatza eta zorrotza gainditu beharko dute, inbertitzea erabakitzen duten pertsonei ahalik eta konfiantza gehiena eskaintzeko. “Equity” formatuarekin lotutako kosturik eta komisiorik gabeko inbertsioa da, kontraprestazio gisa, enpresaren kapitalean partaidetza izatea duena.

Alde guztiei ahalik eta berme handienak eskaintzeko xedez, Bizkaiko Foru Aldundiak bere laguntasuna eskainiko du prozesu osoan. Sustatzaileek ez dituzte euren egile eta jabetza eskubideak galduko, eta euren proiektuak lortzen duen inbertsioaren %1eko komisioa baino ez dute izango.

https://crowdfundingbizkaia.com/eu helbidean, partaidetzan oinarritutako finantzaketa lortu nahi duten proiektuei, startupei eta enpresei buruzko informazio zehatza aurki daiteke. Plataforma berrian parte har dezaketen proiektu motak, izaera gehien bat teknologikoa eta enpresa eraginekoa duten proiektuetatik gehien bat gizarte mailako izaera eta eragina duten proiektuetara joan daitezke. Txandek izango duten epea 50 egunekoa izango da, eta inbertitzaile potentzialek erregistratzeko formulario erraz bat baino ez dute bete behar.

Plataforma abiatzeko lehenengo proiektua WATS da, hezkuntzaren bitartez kirol munduko indarkeria ezabatzea xede duen proiektua, trebezietan eta balioetan oinarritutako ikasketa ingurune berritzaileak sortuz, metodologia berritzailearen bitartez.

Zure ideia errealitate bilakatu, behar dituzun laguntzak bilatu edo ideia bikainetan inbertituz proiektu berri baten parte izan eta arrakasta partekatu nahi baduzu, bisitatu Crowdfunding Bizkaia zure kanpainari hasiera emateko edo talentuaren aldeko apustua egiteko.