Nola egin diezaioket ekarpen bat proiektuari?
Proiektu bat Crowdfunding Bizkaiaren webgunean aktibo dagoen bitartean (50 egun), kreditu-txartel bidez egin daitezke ekarpenak, Lemon Way ordainketa-plataforma erabilita. Crowdfunding Bizkaiak ez du zure kreditu-txartelaren datuak atzitzeko modurik. Bermatzen dizugu txartela erabiltzea guztiz segurua dela; izan ere, datuak zifratuta transmititzen dira, zure datu pertsonalak eta ordainketari loturiko datuak babesteko.
Zenbateko ekarpena egin diezaioket proiektu bati?
Egiaztatutako inbertitzaileek nahi besteko ekarpena egin diezaiekete Crowdfunding Bizkaiak argitaratutako enpresei. 5/2015 Legeak “egiaztatu gabeko” inbertitzaile gisa definitzen duen horietakoa bazara, gehienez ere 3.000 € inbertitu ahalko dituzu proiektu batean, eta gehienez ere 10.000 € urtean Crowdfunding Bizkaiaren gunean argitaratzen ditugun proiektuetan.
Zer jasoko dut proiektu bati ekarpena egitearen truke?
Egindako ekarpena ordezkatzen duten akzioak jasoko dituzu.
Ekarpen bat bertan behera utz dezaket?
Ekarpen bat egiten duzunetik, 7 egun izango dituzu ekarpena bertan behera uzteko. Gainera, proiektu batek errondaren %80 lortzen duen lehenbiziko aldian, beste 7 egun izango dituzu ekarpena bertan behera uzteko. Edonola ere, edozein galdera izanez gero, Crowdfunding Bizkaiako taldearekin harremanetan jar zaitezke crowdfundingbizkaia@bizkaia.eus e-mailaren bitartez.
Munduko edozein tokitatik egin dezaket nire ekarpena?
Bai, ez dago arazorik. Ekarpenak munduko edozein tokitatik egin daitezke.
Inbertitzaile gisa, zer egin dezaket nik proiektuak arrakasta izan dezan?
Egia esan, guztiz funtsezkoa zara. Crowdfunding Bizkaiaren proiektuak ezagutarazteko, batez ere sare sozialak erabiltzen dira. Proiektu bat interesgarria dela uste baduzu, rol aktiboa izan dezakezu proiektua ezagutarazteko; hala, arrakasta izateko aukera gehiago izango ditu.
Zer gertatzen da babestu dudan proiektu batek arrakasta badu eta finantzaketa jaso eta gero azkenean gauzatzen ez bada?
Crowdfunding Bizkaiaren plataforman proiektu bat duten eta finantzaketan arrakasta izan duten ekintzaileak behartuta daude hura gauzatzera, proposatutako baldintzetan, baita proiektu horretan inbertitu duten pertsonekin dituzten betebeharrak betetzera ere. Arrazoiren bat dela eta ezin badituzte betebehar horiek bete, inbertitzaile guztiei dirua itzuli beharko diete.
Nor dira egiaztatutako inbertitzaileak?
Inbertitzaileak egiaztatzeko prozesua Enpresen finantzaketa sustatzeko Legeak (apirilaren 27ko 5/2015), arautzen du. Bertan, honela definitzen dira egiaztatutako inbertitzaileak:
1. Balore Merkatuaren Legearen (uztailaren 28ko 24/1988) 78.bis3 artikuluko a), b) eta d) letretan aipatzen diren pertsona fisiko eta juridikoak.
2. Euren kabuz baldintza hauetako bi gutxienez betetzen dituzten enpresariak:
- Aktibo dauden partida guztien zenbateko osoa milioi bat eurokoa edo handiagoa izatea
- Negozioen urteko zifraren zenbatekoa bi milioi eurokoa edo handiagoa izatea
- Bere baliabide propioak 300.000 eurokoak edo handiagoak izatea
3. Baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisikoak:
- 50.000 euro baino gehiagoko urteko diru-sarrerak dituela frogatzea edo 100.000 eurotik gorako finantza-ondarea duela frogatzea
- Aurretik egiaztatutako inbertitzailetzat hartzeko eskatzea eta berariaz uko egitea egiaztatu gabeko inbertitzaile gisa tratatua izateari
4. Aurretik egiaztatutako inbertitzaile izatea eskatzen duten enpresa txiki eta ertainak, baita pertsona juridikoak ere.
5. Finantza-aholkularitzako zerbitzua baimendutako inbertsio-zerbitzuen enpresa batekin kontratatu dutela frogatzen duten pertsona fisiko edo juridikoak, plataformaren finantzaketa-tresnei buruzko aholkularitza jasotzeko.