Zer egin behar dut Crowdfunding Bizkaian proiektu bat argitaratzeko?
Lehenik eta behin, sustatzaile gisa erregistratu eta “Nire profila” ataleko datuak bete beharko dituzu. Ondoren, “Proiektu berria” izeneko atala atzitu ahal izango duzu, proiektu bat sortzeko.
Proiektu bat egiten hasten zarenean, informazio xehatua eskatzen zaizula ikusiko duzu: proiektuaren funtsa zein den, zenbat diru beharko duzun eta diru hori zertan erabiliko duzun. Hala, komenigarria da urrats hori eman baino lehen ideia nahiko landuta izatea.
Proiektu bat konfiguratzen duzunean, zirriborroa gorde dezakezu, edo guri bidali, balioztatu dezagun. Balioztatzeko, sartu duzun informazio guztia berrikusiko dugu. Balioztatzeak gehienez ere 10 lanegun hartuko ditu, informazioa jasotzen denetik aurrera zenbatzen hasita, eta hartutako erabakia mezu elektroniko bidez jakinaraziko dizugu.
Zergatik da beharrezkoa proiektuak argitaratu aurretik Crowdfunding Bizkaiak proiektu horiek berrikustea?
Crowdfunding Bizkaia plataformaren helburua da Bizkaiko enpresa-proiektu berritzaileak sustatzea. Ez gara kultura-proiektuak, liburuak, film laburrak eta antzeko proiektuak finantzatzeari buruz ari; horietarako crowdfunding-atari egokiagoak daude. Horregatik, zer egingo duzuen jakin nahi dugu.
Informazio horrekin, argitaratu aurretik zure proiektua aurkezteko modurik onena zein den esan ahalko dizugu; gainera, zure ideia funtsari eta formari dagokienez ahalik eta erakargarriena izateko erabil ditzakezun ikus-entzunezko bitartekoen berri ere emango dizugu.
Zenbat itxaron beharko dut erantzuna jaso arte?
10 lanegunetan aztertuko dugu zure proposamena, eta mezu elektroniko bat bidaliko dizugu gure erabakiarekin.
Zer motatako proiektuak onartzen ditu Crowdfunding Bizkaiak?
Printzipioz, imajina dezakezun edozer izan daiteke. Betiere, herrialdeko legeak errespetatu beharko ditu, eta ezin da iraingarria, bortxazkoa edo gustu txarrekoa izan. Crowdfunding Bizkaiak eskubidea izango du proiektuak baztertzeko, erabilera baldintzak urratzen baditu.
Proiektuari buruzko oinarrizko zer gauza erabaki behar dut aurkeztu aurretik?
Negozio-ideia landua izan behar da. Hala bada, zein da gutxieneko ekarpenaren zenbatekoa? Zertan inbertituko duzu lortuko duzun dirua? Zein da erdietsi nahi duzun helburu ekonomikoa?
Finantzaketa-helbururako gutxieneko edo gehieneko zenbatekorik dago?
Ez, ez dago.
Zenbat denbora daukat nire finantzaketa-helburua erdiesteko?
Finantzaketa-saioaren iraupena 50 egun da.
Zer gertatzen da finantzaketa-helburua ezarritako epea baino lehenago erdiesten badut?
Helburuaren %100 gainditzea baimendu baduzue, errondak aurrera egingo du nahi duzuenera arte edo 50 eguneko epea burutu arte. Helburuaren %100 gainditu ezin bada, aldiz, erronda itxi egingo da.
Inbertitzaileek nola egin diezaiokete ekarpena nire proiektuari?
Inbertitzaileek kreditu-txartelarekin egingo dituzte ekarpenak, Lemon Way ordainketa-pasabide segurua erabilita.
Nola jasoko dut proiektuak bildutako dirua?
Finantzaketa-saioa arrakastaz itxi ondoren, jasotako dirua alta-prozesuan zehar adierazitako bankuko kontuan jasoko duzu.
Ezer ordaindu behar al dut nire proiektua Crowdfunding Bizkaian argitaratzeagatik?
Crowdfunding Bizkaiak lortutako finantzaketaren % 1 kobratzen du, eskainitako zerbitzuen truke. Crowdfunding Bizkaiak Lemon Way ordainketa-pasabidea erabiltzen du, eta horrek komisio bat kobratzen du egindako eragiketa bakoitzeko. Ordainketa-pasabidearen kostuak bakarrik kobratzen dituenez, Crowdfunding Bizkaia aukera benetan lehiakorra da.