27/01/2020

Ekonomia sozialeko proiektuen alde egiteak dituen abantailak

Enpresa-munduan, duela urte askotik hona goranzko joera bizi da: irabazi ekonomikoa ez da inbertitzaileentzako helburu bakarra, enpresa zein pertsona fisikoak izan. Ekonomia soziala aurrera doa, kudeaketa- eta erabaki-eskemak aldatuz. Europar Batasunak ere, EB 2020 Estrategiaren barruan, ekonomia soziala hurrengo urteetako hazkunde ekonomikoa finkatzeko gakoetako bat dela uste du.

Ekonomia sozialak enpresa-alderdiaren eta gizarte-alderdiaren arteko mugak gainditzen ditu. Horrela, gero eta aukera gehiago dago sistema ekonomiko solidarioagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko, hori guztia enpresen ezinbesteko bideragarritasun ekonomikoari, sozialari eta ingurumen-bideragarritasunari uko egin gabe.

EBean, enpresen %10ak eta 14,5 milioi pertsonak jarduten dute gizarte-ekonomiaren arloan. Estatu-mailan, 43.000 enpresa inguruk egiten dute eredu horren alde.

Zer da ekonomia soziala

Estatu-mailan 2011ko berariazko lege bat dago, gizarte-ekonomiaren jarduera arautzen duena, honela definitzen duelarik: “eremu pribatuan interes orokor soziala eta/edo ekonomikoa bilatzen duten erakundeek egiten dituzten ekonomia- eta enpresa-jardueren multzoa”.

Gizarte-ekonomia kontzeptua XX. mendearen erdialdean sortu zen, gizartea eraldatzeko ikuspegi orokorra duen eredu ekonomiko gisa eta pobreziari, desberdintasunari eta ingurumen-narriadurari aurre egiteko.

Ekonomia sozialak esparru ekonomiko guztietan jarduten du eta mota guztietako enpresa eta sektoreak hartzen ditu: ekoizpena, banaketa, finantzaketa eta kontsumoa. Betiere oinarri komun hauekin:

  • Lehentasuna pertsonei eta interes komunaren helburu sozialari kapitalaren aurretik.
  • Kudeaketa demokratikoa, gardena, arduratsua eta partizipatiboa.
  • Mozkinen banaketa zuzena eta soziala, bai bazkideen artean, bai helburu sozial bat lortzeko berriro inbertituz.
  • Lurraldeko garapenarekin konpromisoa.
  • Aukera-berdintasunean enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzea, gizartean baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonak laneratuz eta lana eta familia bateratzen lagunduz.
  • Ingurumena errespetatzea.

Ekonomia sozialean, pertsonentzako ekonomia batean inbertitzeagatiko lau abantaila

  • Enpresa berritzaile eta abangoardistak dira, inkonformismoa, proaktibitatea, erresilientzia eta grina nabarmenekoak. Beharrak asetzean eta ingurunea sormenez aldatzean, sektorearen eta gizartearen onarpen zabala lortzen dute. Gizartea eraldatzeko eta aurrera egiteko faktoreak dira.
  • Ekonomia sozialeko enpresak iraunkorragoak dira ekonomia-krisi baten aurrean. Entitate hauek malguagoak izan daitezke, erabaki ekonomiko, laboral eta estrategikoetan parte-hartze kolektiboa izanagatik, esaterako, gastuak murrizteko soldata-doikuntzak adostuta egitea errazten baitu.
  • Ekimen hauen jabetza kolektiboa eta parte-hartze handiari esker, ekimen horietako kideek berdintasunezkoak eta bidezkoak diren harremanak aurki ditzakete.
  • Jadanik dauden merkatuen eraginkortasun ezak konpontzen dituzte, lurraldeko beharrei erantzuten diete eta merkatu edo nitxo berriak sortzen dituzte.

Ekonomia sozialeko adibideak: kasu arrakastatsuak

WATS #SportWithValues

Bizkaian errotutako start-up honek kirol-indarkeriarekin amaitzeko anbizio handiko helburua ezarri du balioetan trebatuz eta heziz, integrazioaren, inklusioaren eta berdintasunaren alde eginez. Kirol-ekosistemako eragile guztiei zuzendutako kontzientziazio-, prestakuntza- eta inpaktu positiboko prestakuntza-programen bidez lortzen dute.

WATSek era arrakastatsuan bukatu zuen Crowdfunding Bizkaian egindako inbertsio-txanda. Ezagutu gehiago hemen.

Axalko

Axalko 100% pertsonalizaturiko bizikletak eraikitzen dituen enpresa da, teknologia esklusibo eta patentatuarekin lehengaitzat goi-mailako egur tekniko jasangarria erabiltzen duelarik. Bizikleta, garraiobideaz gain, gizartea eraldatzeko tresna izatea du helburu, “Made in the Basque Forest” hurbileko bizikleten fabrikatzaile bezala finkatuz. Ezagutu zer eragin izan duen Axalkorentzat Crowdfunding Bizkaian parte hartzeak.

Egunez egun, gure ekosistema propioa sortzen; Bizkaian egiten dugu: sinetsi, sortu eta hazi EZAGUTU  CROWDFUNDING BIZKAIA.