02/12/2020

Gutxi falta da NahiArteren inbertsio-txanda amaitzeko. Hartu parte!

Oso egun gutxi falta dira NahiArte by FormArteren inbertsio-txanda Crowdfunding Bizkaian amaitzeko. Desgaitasun psikiko edo/eta intelektuala duten pertsonek beren sorkuntza-ahalmena zabaltzea eta lan-irteera bat aurkitzea helburu dituen proiektu artistiko eta sozial honek 41.000 € bildu ditu dagoeneko, inbertsio-txandaren helburuaren %80 baino gehiago. Txanda honen helburua 50.000 €-ra iristea da, eta horretarako epea luzatu da Crowdfundingeko Legeak baimendutakoaren arabera, abenduaren 15eko 11:00ak arte irekita egongo delarik, interesa duten guztiek bertan inbertitzeko denbora izan dezaten.

NahiArte Factoryren zeregina Bilbon kokatutako denda fisiko bat irekitzea eta online dendarekin jarraitzea da, FormArten prestakuntza jaso duten artistek beren ezagutzak praktikan jarri eta dirua irabazi ahal izango dutelarik. Honela, artisten lana monetizatu nahi du NahiArtek salgai jartzen diren jantzi eta osagarrien bidez (eskuz egindako diseinu bakarrak izango dituztelarik). Modu honetan, FormArteko artistak lan-merkatuan sartu eta profesional gisa garatu daitezke.

Aurreko post batean aipatu genuen moduan, desgaitasunen bat duten pertsonentzako lan-merkatuak zailtasun ugari ditu. Hala ere, badira proiektu bideragarriak Europako beste herrialde batzuetan eta AEBetan, non desgaitasun psikikoa edo/eta intelektuala duten pertsonek ekonomikoki saritzen den arte-lana egiten duten. Adibide horietatik jaio zen FormArte kooperatiba, eta bertatik sortu da NahiArte ere, kooperatiba honen hedapen gisa.

Azken finean, Bizkaian kokatutako proiektu ilusionagarri honek pertsona askoren bizitza aldatzeko gaitasuna du, bai eta, batzuetan, sistemak gutxiesten dituen kolektiboak gizarteratzeko eta laneratzeko helburua ere. Ana Urgoiti eta Cristina Bacete Díaz buru dituen aditu-talde baten bidez, gure lurraldeko jasangarritasun sozial eta ekonomikoa bilatzen du NahiArtek. Ez bakarrik beren lan sozialarekin, baizik eta produktu eta osagarriak erosterakoan ere soilik hurbileko hornitzaile etikoetara jotzen dutelako, hauetan artistek beren sorkuntzak islatzen dituztelarik.

Bere inbertsio-txandaren bidez bertan parte hartu dezakezun proiektu paregabe, zirraragarri eta potentzial handikoa.

NOLA INBERTITU DEZAKEZU NahiArten?

Gure plataformaren bidez pertsona fisiko edo juridiko gisa ekarpen ekonomikoa egin dezakezu eta NahiArteren inbertsio-txandaren 50.000€-ko helburua lortzen lagundu.

Moda-jantzien eta moda-osagarrien ekoizpena eta komertzializazioa, eskuz margotuak, diseinu esklusibokoak eta ad hoc pertsonalizagarriak (aterkiak, elastikoak, poltsak, alpargatak, amantalak eta beste osagarri batzuk), jada arrakastaz probatua izan da eta onarpen eta eskari handia izaten ari da. Horregatik, denda fisiko bat irekitzea eta negozio egitura sendo bat sortzeko finantzaketa giltzarriak dira bai NahiArteren etorkizunerako bai kooperatiba osatzen duten artista guztientzat. Bere crowdfundingean parte hartzera animatzen zaitugu eta horrela gure lurraldean etorkizuna eta sustraiak dituen proiektu honen helburua lortzen lagundu.

Informazio gehiago nahi baduzu eta NahiArte eta bere inbertsio-txanda Crowdfunding Bizkaian sakon ezagutu nahi badituzu sartu hemen.