05/04/2019

WATS #SportWithValues-eko arduradunekin berbetan

WATS, kiroleko indarkeria oinarritik desagerrarazteko xedea duen start-up-a da. Hori lortzeko zenbait jarduketa ildo ditu, Kontzientziazioa, Prestakuntza eta Eragin Positiboa, besteak beste.

WATSek hazten jarraitzea eta bere helburuetara heltzea lortu ahal izateko, une honetan 50.000 €-ko inbertsio erronda dago martxan Crowdfunding Bizkaian. Edozein pertsonak edo enpresak bat egin dezake erronda horrekin, 30 €-ko balioa duten enpresaren partaidetzen bitartez. Ezagutu inbertsio kanpaina hemen.

Duela denbora gutxi, Antonio Pipaon, Alex Navarro eta Lander Iraragorri WATSen hiru sortzaileekin hitz egin ahal izan dugu, une honetako eta etorkizuneko planak zehaztasunez ezagutu ahal izateko.

 

Zelan sortu zen WATS?

Ideia, oinarrizko kirolean indarkeriak izan duen hazkunde egoera larriaren ondorioz sortu zen. Une horretan, ezin ginela gizartea jasaten ari zen lakra horren ikus-entzule izatera mugatu erabaki genuen.

Kirol egoera aztertu genuen eta indarkeria eragiten duten egoeren aurreko ikuspegia zigorrean oinarritzen zela ikusi genuen argi eta garbi, prebentzioan eta hezkuntzan egon beharrean. Eta hor agertu da WATS, #SportWithValues ikuspegia eskaintzeko.

Izan ere, urte batzuk barru, atzera begiratzen dugunean, gaur egun oinarrizko kirolean dagoen indarkeriaren (fisikoa eta ahozkoa) bideoak ikusi eta eskuak burura eramango ditugu.

 

Zer proposatzen du WATSek kiroleko indarkeria baztertzeko?

WATS, kiroleko indarkeria baztertzeko xedez sortu zen start-up-a da, eta 2017tik ari gara horretan.

Lortzeko hiru jarduketa ildo ditugu: Kontzientziazioa, Prestakuntza eta Eragin Positiboa.

KONTZIENTZIAZIOA

Kirolaren bitartez gizartea inspiratzeko pentsatutako #SportWithValues WATS SUMMIT ekitaldi bira egin dugu, indarkeriarik gabeko kirola posible dela erakutsiz. Horretarako, kirolean erreferentziazkoak diren kideen laguntza izan dugu, Julen Guerrero, Vicente del Bosque, Patricia Ramírez, Xabi Prieto eta Jero García, besteak beste.

Horrez gain, Euskaltelen eskutik, kiroleko indarkeria desagerrarazteko lehenengo telefono zenbakia sortu dugu. 688 955 099 zenbakia, kirol arloan ematen diren indarkeria tipologia guztietarako sortutako zenbakia da, eta familiei, entrenatzaileei, epaileei, zuzendaritza taldeei… dago zuzenduta.

PRESTAKUNTZA

Hiru prestakuntza programa daramatzagu aurrera:

Coach Academy by WATS #SportWithValues, aktibo dauden entrenatzaileei zuzenduta. Programa hori, entrenatzaileak balioetan oinarritutako hezkuntzan eta kirol arloko indarkeriaren prebentzioan gaitzeko sortu da.

Ecosystem Bootcamp by WATS #SportWithValues, kirol ekosistemara zuzenduta, prestakuntza pildora berritzaileen bitartez kiroleko indarkeria baztertzeko benetako soluzioak aurkezteko helburuarekin sortu da. WATS metodologiako prestakuntza intentsiboan, oinarrizko kirolaren ekosistema osatzen duten eragileek, indarkeria baztertzeko eta trebezietan eta balioetan oinarritutako kudeaketarako beharrezkoak diren ezagutzak jasotzen dira.

EXPERT by WATS #SportWithValues, enpresa ekosistemara zuzenduta, kirol erakundeen eta taldeen kudeaketaren alorrean profesionalak metodologia berritzaileetan gaitzeko beharrari erantzuteko sortu da.

WATSek Mondragon Unibertsitatearen eskutik sortu duen Graduosteko ofiziala da.

ERAGIN POSITIBOA

2016tik 700 entrenatzaile, familia eta taldeetako zuzendaritza talde baino gehiagora heldu gara. Horri esker, 6.000 kirolari gazte baino gehiagorengana heldu gara.

 

Zein balio emango lizkioke gizarteari indarkeriarik gabeko kirolak? Egungo egoera hobetu daitekeela uste al duzue?

Zinez uste dugu indarkeriarik gabeko kirola posible dela, balioan hezituko duen kirola, gazteenak ilusioz beteko dituena, ikasteko aukera emango diguna eta, batez ere, gazteak bizitzarako prestatuko dituena. Kirol osasungarria eta indarkeriarik gabea, gizarte osasungarri eta indarkeriarik gabean.

 

Zergatik da hain garrantzitsua oinarrizko kiroletik balioetan oinarritutako kirolean lan egitea?

Umetan entrenatzaileek kirolariengan duten eragina, kirol federatua egiten den adinetan baino askoz handiagoa da. Eragin hori oso positiboa edo negatiboa izan daiteke eta, ondorioz, ezinbestekoa da horretaz jabetzea eta oinarritik hori kontuan hartuta lan egitea.

 

Zein ekarpen egiten die zuen proiektuari kirol arloko pertsona garrantzitsuen partaidetzak, Julen Guerrero, Jero García, Patricia Ramírez edo Vicente del Bosque, besteak beste?

WATSen hasieratik argi eta garbi izan genuen beharrezkoa zela balio batzuei leial izanik goi mailan aritzea posible dela erakutsi duten pertsonak gure ondoan izatea. Erreferentziazko pertsonak, inspiratzaileak eta gizartearen arreta erakartzen dutenak.

 

Zein helburu dituzue 2019rako?

2019rako gure helburua 820 entrenatzaile prestatzea eta 12.500 kirolarirengan eragin positiboa izatea da. Hori lortzeko, nazio mailako plataforma teknologikoa ari gara garatzen, eta entrenatzaileak horren bitartez presta daitezke.

 

Zein zailtasun ditu zuenak bezalako  start-up batek finantzatzeko orduan?

Orain arte, finantzaketa guztia bezeroen bitartez lortu dugu. Orain, saltoa eman ahal izateko, inbertsio eta start-up-en azelerazio programatan ari gara parte hartzen. Programa asko daude. Dena den, gure erronkak beste helburu bat du: kiroleko indarkeriaren kontrako munduko talde handiena bilakatzea.

 

Zeintzuk dira Crowdfunding Bizkaiarekin finantzaketa erronda bat irekitzearen helburuak?

Crowdfunding Bizkaian parte hartzeko dugun motibazioa bikoitza da. Alde batetik, hazten jarraitzeko eta une honetan heltzen ez garen lekuetara heltzeko finantzaketa lortzea. Eta, bestetik, indarkeriarik gabeko kirola posible dela sinesten duten pertsona guztiei taldearekin bat egiteko eta hori lortzen laguntzeko gonbidapena luzatzea.

Une honetan, WATSen 12 bazkide gara, eta hilabeteko epean 500 pertsona baino gehiago izateko asmoa dugu. Aurrean dugun erronka handia da, eta talde onena behar dugu. Hori dela eta, hasieratik argi eta garbi izan genuen kopurua ahalik eta txikiena izan behar zela (30 €), inolako muga ekonomikorik ez egoteko.

 

Finantzaketa errondan parte hartuko duten pertsonen ekarpena ekarpen ekonomikotik haraindi al doa?

WATSeko bazkide bilakatzean, balioetan oinarritutako hezkuntzari eta kiroleko indarkeriaren kontrako gizarte kontzientziazio programen hedapenari lagunduko diozu.

Horrez gain, urtero, bazkideen bileran parte hartu ahal izango duzu, eta WATS Taldearen kudeaketarako ideiak aurkeztu.

Eta, amaitzeko, bazkideentzako onurak lortuko dituzu: gure albiste guztiak primizian jasotzea, beherapenak prestakuntza programatan eta onura fiskalak Crowdfunding Bizkaiaren bitartez parte hartzeagatik.

 

Non ikusten duzue zuen burua 2 urte barru?

Bi urte barru, 2021ean, 7.000 entrenatzaile baino gehiago prestatu gura ditugu, 160.000 kirolari gazteengan eragin positiboa izanik. Komunitate gehiagotan egonda eta gure taldea handituta, balioetan oinarritutako kirola lortzetik gertuago egongo gara.

 

WATSi buruz gehiago jakin gura duten pertsonek, zelan jarraitu ahal zaituzte?

Gure sare sozialen bitartez jarraitu ahal izango gaituzte: Instagram, Facebook, Twitter eta LinkedIn. Eta, jakina, pertsona guztiak proiektuarekin eta gure xedearekin bat egitera gonbidatzen ditugu.

Badakigu asmo handiko xedea bilatzen dugula, baina zuen laguntzarekin, balioetan hezituko duen indarkeriarik gabeko kirola lortu ahal izango dugu.