15/07/2021

Zer da enpresa-estrategia?

Definizio bakarra ez dagoen arren, argi dago enpresa batek nekez lortuko duela arrakasta enpresa-estrategiarik gabe. Izan ere, enpresa-estrategiak zehazten du zer norabideri jarraitu behar zaion, eta aukera ematen dio enpresari inguruko behar aldakorretara egokitzeko eta, hartara, lehiari bizirik irauteko.

Enpresa-estrategia, errentagarritasuna lortzeko enpresa bere sektorean kokatzea ahalbidetzen duen erabaki-multzo bat da. Erabaki hauetan sartzen dira negozio-eredua, zein merkatutan lehiatuko den, helburuko bezero-mota edo erakundeak izango duen egitura. Enpresa-estrategiarik gabe, enpresaren etorkizuna zoriaren esku geratzen da.

Enpresa-estrategia bat diseinatzeak abantaila lehiakorrak eskaintzen ditu, eta hurrengoak nabarmendu ditzakegu:

  • Aldaketetara hobeto egokitzea: etengabe aldatzen den ingurune baten barruan, negozio bakar batek ere ez du bermatuta betirako funtzionatuko duenik. Enpresa-estrategia on batek aldaketei aurrea hartzeko eta merkatuaren beharretara egokitzeko aukera ematen du.
  • Berrikuntza errazten du: enpresa-estrategiari esker, iraganeko arrakastaren gakoak ere uler daitezke, eta merkatuaren bilakaeraren arabera berritzen joateko aukera ematen du.

Enpresa-estrategia motak. Zer dakarte zure negozioarentzat?

Enpresa bakoitzak bere enpresa-estrategia hartzen duenez, zaila da bakoitza sailkatzea. Hauek dira estrategia arrakastatsuenetako batzuk:

Lidergoa kostuetan:

Helburu-merkatu zabala duten eta prezioaren arabera lehiatzen diren enpresen estrategia da. Bere abantaila nagusia eraginkortasunari garrantzi handiagoa ematen zaiola eta lehiaren prezio-politikei aurre egiteko aukera ematen duela da. Merkatu-kuota ona izanez gero, irabazi handiagoak sortu daitezke, eta indar honek enpresa berriak sartzeko oztopo gisa jarduten du.

Aldiz, kalitate txarraren pertzepzioak salmenten beherakada eragin dezake, beharrezkoa da salmenta-bolumen handia ziurtatzea, eta enpresa-estrategia mota honen zurruntasunak atzeratu egiten du merkatuko azken joerak azkar hartzea, ez baita aldaketetara bizkor egokitzeko prestatuta dagoen sistema.

Hazkundea:

Enpresa-estrategia mota honen helburua merkatuko parte-hartzea handitzea da, bere lehia-ingurunean abantaila egonkor eta bakarra garatuz. Enpresaren hazkundea barnetik lor daiteke, zentroak handituz, edo kanpotik, eskuratze-prozesuen, bategiteen eta aliantza estrategikoen bidez.

Hazkunde-estrategia enpresa handien aurka lehiatzeko modu bakarra izan daiteke. Kanpoko hazkundea barnekoa baino azkarragoa da, elkartzen den enpresen garapena aprobetxatzen baita. Eta inbertsioa ez da hain arriskutsua izaten, eskuarki kalkulatutako emaitzak lortzen baitira.

Berrikuntza:

Enpresak berritzen ari dira lehiakorragoak izateko eta errentagarritasuna handitzeko. Berrikuntza-estrategia prozesu, produktu edo negozio-eredu berriak sartzean datza. Estrategia mota hau aplikatzeko, ezinbestekoa da enpresako zuzendaritzaren inplikazioa eta berrikuntza erakundeko kide bakoitzaren kultura bihurtzea.

Berrikuntza-estrategia egiteko prozesuak irekia, asmo handikoa eta inspiratzailea izan behar du enpresa osoarentzat. Estrategia garatzen den unera egokitu behar da, baina moldakorra eta denboran zehar eboluzionatzeko gai izan behar du aldaketetara egokitzeko.

Produktuen bereizketa:

Produktuak bereiztearen helburua merkaturatzen den produktuaren edo zerbitzuaren ezaugarri bereizgarrietan arreta jartzea da lehiakideenen aurrean. Estrategia-mota honek lehia-abantaila sortzen lagun dezake, bereizketa horri buruzko mezu argia duen publiko jakin bati zuzendua baitago.

Produktuak bereizteko estrategiari esker, bezero potentzialaren arreta erakarri daiteke, ordezkorik ez dagoela hautematen laguntzen du, arreta preziotik desbideratzen du eta markaren leialtasuna sortzen du. Sor daitezkeen kopietatik, alternatiba merkeagotatik edo hurrengo merkaturatzearen zain dagoen bezeroaren itxaropenetatik sortzen dira mehatxuak.

Nazioartekotzea:

Estrategia honen helburua enpresak lehiaketa-abantaila lortzea da, nazioarteko merkatuaren bidez bere kuota handituz. Merkatu berriak bilatzeari esker, bezero-kopurua eta salmentak ere handitu daitezke, baita ekoizpena beste herrialde batzuetara mugitu eta haien abantailak aprobetxatu ere.

Nazioartekotze-estrategia hurrengo hauetan bereiz ditzakegu:

  • Multinazionala: jatorrizko herrialde batean erregistratutako baina munduko beste herrialde batzuetan filialak dituzten enpresei dagokie. Estrategia guztiak jatorrizko etxetik datoz.
  • Transnazionala: beste herrialde batzuetan kokatutako jatorrizko etxea eta enpresa subsidiarioak dituzten enpresek aplikatzen dute. Gaitasunen fluxua jatorrizko herrialdetik abiatzen da filialetara, eta alderantziz.
  • Globala: kasu honetan, enpresak lan egiten duen herrialde bakoitza merkatu globalaren segmentutzat hartzen da. Produktu estandarizatuak baina merkatu bakoitzaren beharretara egokituak sortzeko aukera ematen du.

Bezeroari begira:

Bezeroa da enpresa-estrategiaren ardatza, eta arrakastak haren beharrak  eta lehentasunak atzeman eta asetzea du oinarri. Bezeroek maite eta onar dezaten da enpresaren helburua, eta horretarako, beharrezkoa da bezeroak ezagutzea, ulertzea eta ahalik eta hobekien tratatzea.

Enpresa handiek badute abantaila bat: baliabide gehiago dituzte tresna teknologikoetan inbertitzeko eta bezeroen zerbitzura jartzeko. Baina enpresa txikiek berrikuntza teknologikorako laguntzak eskuratu ditzakete edo crowdfunding bat egin. Espiritu berritzailea bultzatuz, bezeroentzat balioa sortzeko moduak aurki daitezke.

Enpresa-estrategia sare sozialetan

Enpresek Internet erabil dezakete beren enpresa-jardueraren osagarri gisa edo %100 online eredu batean oinarrituta. Eta sare sozialak, izan ere, negozioak sustatzeko biderik ezagunenetako bat bihurtu dira, baina bakoitzak bere berezitasunak ditu eta edukiak desberdinak izan behar dira.

Garrantzitsua da zure publikoa zein saretan dagoen identifikatzea. Argitalpenak programatzea oso aukera interesgarria da, baina ez da ahaztu behar gaurkotasuna mantentzea azken nobedadeei buruz berba eginez, eta interesgarria izan daitekeen informazioa eskaintzea, maiz baina saturatu gabe.

Enpresako sare sozialak bisitatzen dituenaren esperientzia zenbat eta positiboagoa izan, merkaturatzen ari den produktua edo zerbitzua saltzeko aukera orduan eta handiagoa izango da, eta bezero horrek errepikatzeko eta bere esperientzia inguruko beste pertsona batzuekin partekatzeko aukera gehiago izango ditu.

Negozioari, berrikuntzari, startup-ei buruz eta Bizkaiko aurrerapen guztien berri izan nahi duzu?  Ikusi askoz gehiago gure blogean.