27/12/2019

Zer suposatu du Axalkorentzat Crowdfunding Bizkaian parte hartzeak?

Bizkaiko startup berritzaileek elkarlaneko finantziazio plataforma bat dute eskuragarri Crowdfunding Bizkaiaren bitartez eta crowdequity modalitatean. Sistema honek startupei euren proiektua martxan jartzea eta berau haztea ahalbideratzen die, inbertitzaileak enpresaren kapitalean sartuko direlarik.

WATSek Crowdfunding Bizkaian 2019ko lehenengo inbertsio-txandan lortutako arrakastaren ostean, parte hartu zuen hurrengo proiektua Axalko izan zen, bizikletaren bitartez eraldaketa soziala lortu nahi duen enpresa, bizikleta garraiobide kutsagarrien alternatiba bezala bultzatuz.

Axalko: egurrarekin eta material naturalekin egindako bizikleta paregabeak

Andoitz eta Aitzol Telleria anaiak, Aitzol Fernandez, Haritz Iturrioz, Iban Lizarralde eta Enrique Arduraren eskutik, Axalko Bizikletak proiektua prestazio altuko eta bezero bakoitzaren beharrizanen arabera guztiz pertsonalizaturiko egurrezko bizikletak diseinatu, ekoitzi eta garatzeko jaio da. Bizikleta bakoitza azken erabiltzailearen datu biomekanikoen arabera ekoizten da, munduan bakarra den produktua lortuz. Beraien egurrezko bizikleten ekoizpen prozesuari buruz gehiago jakin dezakezu hemen.

Crowdfunding Bizkaiako inbertsio-txandan parte-hartzeari buruz, Aitzol Fernandezek, Axalkoko gerenteak, honako hau nabarmentzen du: “Bizkaiko Foru Aldundiak ekintzailetza bultzatzeko eskaintzen dituen programen ekosisteman sartu ginen. Finantzaketa aukera hau eskaini ziguten eta alternatiba oso interesgarria iruditu zitzaigun, gu beti guztiei irekitako proiektua izan baikara, beraz oso ideia ona iruditu zitzaigun bertoko ekintzaileen aldeko apustua egin nahi duen eta enpresa-proiektuan interesa duen edonork proiektuaren parte izan ahal izatea”.

Inbertsio-txandaren epea amaituta, Axalko helburu ekonomikoa lortzetik hurbil gelditu zen, baina azkenean beharrezkoa zen gutxieneko zenbatekoa lortu barik itxi zen. Hala ere, Crowdfunding Bizkaiako kanpainak proiektuaren potentziala konfirmatu zuen eta inbertitzaile askorengan piztutako interesa konfirmatu zuen.

Axalkon baieztatzen dute “esperientzia bikaina izan dela. Gure proiektua ezagutzeko aukera izan duten eta bizikletak guk egiten ditugun bezala, hots, guztiz neurrira eta %100 modu jasangarrian, bizikletak egin daitezkeela ez zekiten pertsona ugarirekin jarri gara harremanetan”. Zorionez, Aitzol Fernandezek adierazi bezala, “finantziazioa beste era batera konpondu dugu”.

Hurrengo pausua atzerriko merkatuan lehorreratzea izango da. Aitzol Fernandezen berbetan: “Oso denbora gutxian 0tik 100era igarotzea izango da, baina horretarako prestatzen aritu gara azken bost edo sei hilabeteetan salmenta oso mugatuekin lan eginez bezeroa ondo zaintzeko ahaleginean, gaizki zer egiten egon ahal garen, non hobetu dezakegun, zer ikasi dezakegun eta zein alorretan beste pertsona batzuen laguntza behar izan dezakegun aztertuz”.

Ezagutu Crowdfunding Bizkaian aktibo ditugun crowdfunding proiektuak edo jakin hemen zure ideia berritzailea nola aurkeztu dezakezun.