Bizkaiko Foru Aldundia | Diputación Foral de Bizkaia

Sono Motorsen kasu arrakastatsua: 50 milioi euro bilduta 50 egunetan

Behin crowdfundinga finantzabide alternatibo nagusietako bat bezala finkatuta, gero eta sektore gehiagotan bide horren alde egiten duten proiektu berritzaileak sortzen ari dira. Hori da Sono Motors startuparen kasua, crowdfunding-proiektu baten bidez lortutako arrakastarekin automobilaren sektorea bezalako sektore indartsu bat goitik behera aldatu duena.

Nola egin dute Sono Motors-eko arduradunek crowdfunding bidez  50 egunetan 53 milioi euro biltzeko, eta, hala, energia fotovoltaikoarekin %100 elektrikoa den lehen autoaren prototipoak fabrikatzeko? Ondoren aztertuko dugu.

Sono Sion: mugikortasun iraunkorrean oinarritutako apustu berritzailea

Sono Sion, azken produktua, enpresa honen arrakastaren gakoa da. Izan ere, automobilgintzan lan-eskarmentu handiko Jona Christians eta Laurin Hahn alemaniar gazteen ametsa da Sion ibilgailua.

2016. urtean lehen aldiz aurkeztu zuten beren proiektua: % 100 elektrikoa eta merkatuan bakarra den autoa. Sono Sion hiri-ibilgailuak 163 cv-ko Continental motor indartsua eta 35 kWh-ko ElringKlinger bateria ditu, 255 km-ko autonomiarekin.

Beste askok bezala bost lagunentzako lekua eskaintzen du, baina sabaian, kapotean, ateetan eta atzeko aldean integratutako eguzki-zelula fotovoltaikoak dira autoa bakarra bihurtzen dutenak. Ez daude bateria erabat kargatzeko pentsatuta, baina egunean 34 kilometro egiteko aukera ematen dute eguzki-energia bakarrik erabiliz, egungo automobil-egoeran berrikuntza handia delarik.

Merkatuko konektore mota desberdinekin automobila kargatzeko eta baita ere beste auto batzuk kargatzeko edo tresnak elikatzeko elektrizitatea esportatzeko gai diren sistemek osatzen dute autoa.

Elkarlaneko ekonomia, ezinbestekoa proiektuaren etorkizunerako

2016. urtean aurkeztu ondoren, Sono Motorsen proiektuak publiko harkorra aurkitu zuen, hasieratik harrera ona izan zuena. Finantziazio-fase hartan, 10 milioi euro baino gehiago bildu ziren.

Hala ere, zenbait oztopo zirela medio, Sono Sion prototipoen ekoizpena ez zen aktibatu. Beraz, arduradunek erabaki zuten bigarren crowdfunding kanpaina bat abian jartzea bere webgunearen bidez 2019aren amaieran.

Kanpaina abenduan zehar garatzea zen helburua, baina izan zuen arrakasta ikusita urtarrilera arte luzatu behar izan zuten. Guztira 50 egun horietan zehar enpresak 53 milioi euro biltzea lortu zuen.

Bildutako finantzaketa honela banatzen da:

  • %75a, Sono Sion-en aurrerreserbei dagokie.
  • %19a inbertitzaile berriei edo lehendik daudenei dagokie.
  • %6a mailegu eta dohaintzei dagokie.

Hau dela eta, Sono Motors orain arte lortu den elkarlaneko finantzazio kanpainarik handienetakoa da. Kanpaina honi esker, azkenean %100 elektrikoa den munduko auto interesgarrienetariko bat izango den prototipoen garapena martxan jar dezakete.

Guztira, 13.000 eskaera ditu orain Sono Motorsek:

  • Horietatik 12.100 modelo hau eskuratzeko itxaron zerrendan sartzeko behar diren 1.200 €-ak jarri dituzten pertsonei dagozkie.
  • 900 pertsonak ordaindu dute jada ibilgailuaren prezio osoa, 25.500 €, autoa jasotzen lehenak izateko.

Igorpen kredituak: finantzabide gehigarri bat

Sono Sionen produkzioa 2021eko irailean hastea aurreikusten da, Suediako SAAB fabrika zaharrean. Epe ertainean, urtean 30.000 edo 40.000 unitate sortzea aurreikusten da.

Jasangarritasun eta eraginkortasun ekonomiko handiena lortzeko, lehenik eta behin autoa bertsio bakar batean eskainiko da, aldaketarik eta aukerarik gabe. Gainera, ez da altzairua estanpatzeko tresnarik erabiliko, polimerozko erremintak erabiliz kostuaren ehunena bakarrik suposatzen duelako. Kolore desberdinak ere ez dira eskainiko, beraz pintura-tailerra alde batera utzi daitekeelarik. Guztira, ibilgailu tradizional bat ekoizteko behar den energiaren %20a bakarrik erabiliz egingo da Sono Sion-a.

Gainera, Sono Motorsen negozio-ereduan ibilgailu bakoitzarekin sortuko diren igorpen-kredituak saltzea ere aurreikusten da.

Gainera, Sono Motorsek autoa alokatzeko aukera ematen die jabeei autoa erabiltzen ez dutenean. Horretarako, Boschekin lankidetzan aplikazio mugikor bat diseinatu da, P2P sistema baten bidez autoa alokatu ahal izango delarik.

Proiektu berritzaile bat daukazu eta finantzazio bila zabiltza? Sustatu zure proiektua Crowdfunding Bizkaian.