Bizkaiko Foru Aldundia | Diputación Foral de Bizkaia

Diseinu jasangarria eta ekodiseinua, zeintzuk dira desberdintasunak?

Zer da ekodiseinua? Diseinu jasangarriaren parte diren produktu berdinak deskribatzen ditu? Ingurumen-kontzientziak kontzeptu hauek ospetsu bihurtu ditu, baina beraien arteko desberdintasunak ezagutzea garrantzitsua da.

Diseinu jasangarriaren jatorria

80. hamarkadan hasi ziren diseinu jasangarriari buruzko lehen galderak eta interesa. 1983. urtean, Nazio Batuen Erakundeak Munduko Ingurumen eta Garapenerako Batzordea sortu zuen, 1987an Bruntland txostenaren arduraduna, hasieran Our Common Future deiturikoa (Gure etorkizun komuna). Agiri honetan garapen jasangarri kontzeptua gauzatu zen.

Urte batzuen buruan, Erresuma Batuko Design Council-ak The Green Design izeneko erakusketa antolatu zuen. Ekitaldi honetan produkzio-prozesuek eta teknologiek era jasangarrian produktu bat diseinatu eta fabrikatzeko orduan bete behar dituzten eskakizunak mahaigaineratzen ziren. Horrela jaio zen beraz diseinu jasangarriaren ideia.

Diseinu jasangarriko ereduak

Diseinu jasangarria jasangarritasuna oinarri duen diseinu-metodologia da, ingurumen-jasangarritasuna ez ezik ekonomikoa eta soziala ere bai. Denboran zehar garapen harmoniko eta orekatuaren bila doa, etorkizunari begira baina baita orainari begira ere.

Jasangarritasunak gaur egungo belaunaldiaren beharrak betetzean datza, etorkizuneko belaunaldien behar propioak betetzeko gaitasunari uko egin gabe. Esaterako, baso baten egurra erabiltzeko orduan: egur gehiegi moztuz gero, basoa desagertu egingo da; baliabidea neurrian erabiliz gero, beti egongo da egurra eskuragai eta ustiapena denboran zehar jasangarria izango da.

Shoelaces lanparak

Shoelaces Curro Claret, Metalarte, Camper eta Arrels de Barcelona eta San Martín de Porres (Madril) fundazioen tailerren proiektua da. Zapata-lokarriekin eskuz egiten diren sabaiko eta mahai-gaineko lanpara hauen fabrikatze-prozesuan, iraganean kalean bizi izan diren gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonek hartzen dute parte. Lanpara bakoitza pieza bakarra da eta Shoelaces lanparak munduko dekorazio- eta argiztapen denda garrantzitsuenetan saltzen dira, beren merituengatik.

Cut taburetea

Kortxoa gaur egungo munduan bizitza berri bat har dezakeen material natural eta tradizionala da. Toni Grilo diseinatzaileak kortxo beltzean egindako taburete-bilduma bat sortu du BlackCork-entzako, kortxo mota guztien artean ekologikoena delarik. Kortxo beltzak ez du eranskailurik eta manufaktura-prozesuaren %95ak ez du laguntzarik behar energiari dagokionez. Fabrikatze-prozesuan lurruna injektatzen da kortxozko pikorretan, hauek zabaldu eta beren erretxinekin bildu daitezen.

Paperezko etiketak haziekin

Etimed-ek mantzanilla-, hirusta- edo bioleta-haziak dituzten artisau-paperezko etiketak egiten ditu. Zelulosazko papera da, tinta ekologikoekin inprimatzen den klororik eta inolako gehigarririk gabekoa. Etiketa bakoitzak piktograma bat du landatzeko behar diren hiru urratsekin, etiketa ekologiko horietatik haziak sor daitezen. Papera lorontzi batean jartzen denean, haziak hazi egiten dira eta papera degradatu egiten da hondakinik utzi gabe.

Paperezko etiketak haziekin

Diseinu jasangarri eta ekodiseinuaren arteko lotura

Diseinu jasangarriak produktu edo zerbitzuaren bizitza-ziklo osoa du kontuan, baina ingurumenetik haratago doazen kontzeptuak aztertzen ditu, giza eskubideak, garapen lokala edo bidezko merkataritza esaterako.

Bere aldetik, diseinu ekologiko edo ekodiseinua bizitza-ziklo osoan zehar ingurumen-eragin kaltegarria ahalik eta gehien murrizten saiatzen da, produktu edo zerbitzuaren kalitatea alde batera utzi gabe. Horretarako, edozein diseinu-prozesuk dituen ohiko irizpideez gain (kostua, erabilgarritasuna, segurtasuna, eta abar) ingurumen irizpideak ere kontuan hartzen dira.

Ekodiseinuaren helburua kutsadura eta energia, ura eta lehengaien kontsumoa murriztea da, produkzioaren hasieratik bere bizitza-zikloaren bukaerara arte. Honek fabrikazio-prozesuak, garraiatzea, banaketa, enbalatzea, erabilera, konponketa, birziklapena eta berrerabilketa aztertzen ditu.

Ekohunters, ekodiseinatutako produktuen merkaturatzean erreferentzia

Bizkaian sortutako proiektu honek, mundu-mailan potentzial handia duena, erreferentzia izango den ekodiseinatzailez osatutako komunitate bat sortzeko lan egiten du, produktu mota guztiak merkaturatuz: altzariak, jostailuak, etxebizitza modularrak edo gadget teknologikoak, adibide batzuk aipatzearren. Gaur egun, Ekohuntersen katalogoan 6.000 produktu baino gehiago erakusten ditu, 150 ekodiseinatzaile baino gehiagok sinatutakoak.

Etorkizuneko ekodiseinuak

Gizateriaren erronka nagusietako bat hondakinen kudeaketa da, bereziki kontsumo handiko produktuen paketatze edo packaging-aren ondoriozkoak. Horregatik, erabilera bakarreko plastikoak erabiltzen ez dituzten bilgarriak sortzea da mundu mailako ekodiseinuaren joera nagusietako bat.

Adibide bat ekosistemei kalte handia egiten dieten lata-packak lotzen dituzten plastikozko eraztunak alde batera uztea erabakitzen duten edari-markena izango litzateke. Horren ordez, edari-paketeak hondakinetatik berreskuratutako zelulosa-zuntzen eta konposta egiteko materialen nahasketa batetik sortutako eraztunekin lotu daitezke. Hala, eraztunak ingurumenean botaz gero, berez deskonposatuko lirateke.

Modaren sektoreak ere birziklatutako hondakinekin egindako kalitate handiko eta kostu txikiko material berriak sortzen lan egiten du: arrantza-sareak, plastikozko botilak, neumatikoak, kafe-hondarrak, kotoia eta industriondoko lana, etab. Ecoalf enpresa madrildarra da ildo horretan lan gehien egiten ari denetariko bat.

Wikkelhouse mikrokasa modularra

Altzarien fabrikazioan eta arkitekturan, kartoia lehengai erresistentea, funtzionala eta ingurumen-inpaktu txikikoa da. Premisa honetatik sortzen dira Fiction Factory diseinu-estudio holandarraren proposamena bezalako ideiak. Wikkelhouse izeneko mikrokasa modularra, termikoki isolatzen duen Eskandinaviako kartoi birjinaren 24 geruzatan fabrikatua. Egun bakar batean instalatzen da eta 100 urteko iraupena izango duela kalkulatzen da.

Egunez egun gure ekosistema propioa sortzen; Bizkaian egiten dugu: sinetsi, sortu eta hazi. Ezagutu Crowdfunding Bizkaia.