Bizkaiko Foru Aldundia | Diputación Foral de Bizkaia

Ekintzailetzari buruz berba egin dugu Aiert Azuetarekin, BeCleverreko CEOa

Teknologia, gure eguneroko bizimoduan ordezkaezina izateaz gain, hazteko ahalmen izugarria duen industria-sektorea da.

Bizkaian kokatuta dagoen nazioarteko enpresa-proiektu teknologiko bat abian nola jartzen den jakiteko, Crowdfunding Bizkaian Aiert Azueta BeClever-eko CEOarekin egin dugu berba, BeClever enpresa zibersegurtasunaren kategorian European Technology Award 2019 saria jaso berri duelarik.

 

Nolakoa izan zen zure ekintzailetza-prozesua eta zein etapa igaro zenituen BeClever sortu eta hazi zen arte?

BeClever proiektuari hiru pertsonak ekin genion. Datu-baseak errepikatzeko eta aplikazioen eta datu-baseen errendimendua aztertzeko proiektuak egiten genituen Europa osoan, eta Euskadin horrelako proiektuetan espezializatutako enpresa bat sortzea erabaki genuen. BeClever 2011ko abenduan sortu genuen, eta une hartan ez zegoen horrelako zerbitzuetan espezializatutako enpresarik.

Uneko egoera ekonomikoa zela eta, eta IT zerbitzuen enpresa ezezaguna izanik, funtsezkoa izan zen sektoreko gainerako enpresekiko mezu desberdina izatea. Harrezkero, espezializazio handiko zerbitzu berritzaileen politika berarekin jarraitu dugu, BeClever-en DNAn daramaguna.

Konpainiaren apustu nagusietako bat 2015ean egin genuen, Nortasun Digitalaren Segurtasunean espezializatzen hasi ginenean. Gure azken apustu teknologikoa, berriz, 2019an egin dugu, Bots bidezko Prozesuen Automatizazioko zerbitzuak gehitu ditugunean.

 

Zer zerbitzutan espezializatzen da zuen konpainia?

ITko zerbitzu aurreratuen enpresa bat gara. Hiru negozio-unitate ditugu:

  • Azpiegitura eta datuak, Microsoft Active Directoryrekin, datu-baseen errendimenduarekin, query-en optimizazioa barne, eta datuen erreplikazioarekin lotutako proiektu aurreratuetan espezializatuak.
  • RPA (Robotic Process Automation) proiektuetan espezializatuta dauden aplikazioak, eskuzko prozesuak bot-en bidez automatizatzeko, aplikazioen errendimendua aztertzeko proiektuak eta eLearning plataforma gisa Moodle proiektuen bidez.
  • Zibersegurtasuna, sarbideen kudeaketan, identitateen kudeaketan eta kontu pribilegiatuen kudeaketan espezializatutako proiektuetan. Funtsean, konpainien aplikazio eta datuetara sartzen diren pertsonek beren lana egiteko behar dituzten gutxieneko baimenak izatea bermatzean datza, segurtasun-arrailen aurkako eraso-bektorea gutxitu dezagun.

 

Zer zailtasun ditu zuek bezalako start-up batek finantzatzeko orduan?

Galdera horri erantzuteko, garrantzitsua da enpresa-mota ulertzea; zerbitzu-enpresa bat gara, eta hirugarrenen softwarrarekin lan egiten dugu gure bezeroen beharrak asetzeko. Horrek esan nahi du, batetik, ez genuela inbertsiorik egin behar makinerian, materialetan eta abarretan, eta, bestetik, ez genuela produkturik garatu behar, horrek dakarren denborarekin, finantzaketa-beharrak handituz garapen-denbora horren ondorioz.

Gure finantziazio-beharrak soldatak betetzera mugatzen ziren, eta horrek nabarmen murrizten zuen beharrezko finantziazioa. Sozietate mugatu bat osatu genuen, hasierako kapital sozial garrantzitsu batekin, hasierako hilabeteetako gastuak ordaintzeko. Inbertsio-behar murriztuei eta gure egoera ekonomiko pertsonalari esker, kanpo-kapitalaren beharrik gabe ekin ahal izan genion bideari.

Baina eratu beharreko enpresa motaren eta pertsona ekintzaileen egoeraren arabera, ezinbestekoa da finantziazioa eskuratzeko behar diren erraztasunak izatea.

 

Bizkaia lurralde ekintzailea dela uste duzu?

Nire ustez, urrats asko egin dira ekintzailetza sustatzeko, bai prestakuntza mailan, bai ekiteko erraztasun mailan. Nik neuk parte hartu dut zenbait jardueratan, batez ere, ekintzailetza-prozesuen dibulgazioan. DEMAk LHko hainbat ikastetxetan antolatutako hitzaldietan parte hartu nuen. Hitzaldien asmoa gure ekintzailetza-esperientzia ikasleekin partekatzea zen, eta esperientzia oso aberasgarria izan zen. Gogoan dut nire institutu-garaia, non ez zen ezer aipatzen ekintzailetzari buruz. Egoera sozial eta ekonomikoak bidea ematen zizun besteren konturako langile gisa.

 

Ba al du Bizkaiak enpresa-sare sendoa teknologiaren eta konpainia digitalen arloan? Zure ustez, zeintzuk dira arrazoiak?

Bizkaia oso industria indartsua duen lurraldea da, baina ohartu behar gara industria ez dela teknologikoki aurreratuen dagoen sektorea. Beste sektore batzuk, hala nola banka edo aseguruak, berritzaileagoak dira. Horrek esan nahi du Bizkaiko enpresek bide luzea dutela egiteko digitalizazioaren ikuspegitik. Kontua da merkatuak konpainien eraldaketa digital sakonera bultzatzen ari gaituela, eta horrek aldaketa asko dakartza antolakuntzan, prozesuetan eta, jakina, teknologian. Eta horri esker, inguruan enpresa asko gaude, startup asko, mundu digital batean jaiotzen garenak eta enpresei bultzada handia ematen ari garenak digitalizaziorako bidean modu eraginkorragoan jarraitzeko.

 

Nola uste duzu eman ahal zaizkiela Bizkaiko startupei tresna gehiago eta hobeak hazten laguntzeko?

Lurraldeko startup-en aldeko benetako apustua eginez. Eta ez naiz diru-laguntzez ari, baizik eta bere produktuak/zerbitzuak merkatura ateratzen laguntzeaz, produktu/zerbitzu horiek kontratatuz edo sektore pribatua lagunduz kontratazio horiei ekin diezaien. Gure startup-ak oso indartsuak direla esatearekin ez da nahikoa gero bere produktu/zerbitzuez fidatzen ez bagara, eta edozein startup-entzat ezinbestekoa da erreferentziak izatea merkatuan duten balioa erakutsi ahal izateko.

 

Zure ustez, zer ekarpen egiten dio Bizkaiko enpresa-sareari Crowdfunding Bizkaia ekimenak? Eta gizarte-sareari?

Ideia gisa, crowdequity ekimen oso interesgarria dela uste dut, finantzaketa bilatzen ari diren startup askorentzat onuragarria izan daitekeena. Eta, bestalde, inbertitzaile bezala, inbertitzeko oso modu erraza da, zure inbertsioak ahalik eta errentagarrien bilakatzeko aukera izan dezazun aldez aurretik bideragarritasun-azterketa bat gainditu duten proiektu berritzaileetan inbertituz.

 

Zer helburu ezarri beharko lituzke Crowdfunding Bizkaia bezalako plataforma batek?

Bizkaiko inbertsio ekimenen gidari izatea. Horretarako, beharrezkoa den ikusgarritasuna lortzea garrantzitsua da, pertsona ekintzaile bezala gure erreferentzia-esparrua izan dadin finantzaketa bila gaudenean. Ezagutu egin behar dugu erabili ahal izateko.

 

Berriki irakurri dugu 4.0 industriak gero eta protagonismo handiagoa hartzen duela Bizkaian. Zer eginkizun du (eta izango du) eraldaketa digitalak gure gizartearen etorkizunean?

Eraldaketa digitalari esker, gure konpainiek negozio-eredua hobetu ahal izango dute, gure produktu eta zerbitzuen balioa maximizatu, gure konpainietan beharrezkoak diren berrikuntza-prozesuak sartu, eta gure produktu eta zerbitzuen bereizketa eta indarrak sustatu. Eta hori guztia, gure konpainietako datuak aktibo baliotsu bihurtuz. Merkatuak berak eraldaketa digital sakonerantz bultzatzen gaitu, gure enpresak azkarragoak, berritzaileagoak eta malguagoak izan daitezen.

Enpresa bezala, hauek dira gure helburuetako batzuk: emaitza ekonomikoak hobetzea, bezeroari esperientzia berriak sortzea, konpainian dagoen informazioan oinarrituta erabakiak hartzean hobetzea, azkartasuna eta berrikuntza handitzea, eraginkortasun operatiboa hobetzea, berrikuntza-kultura bultzatzea eta barne-lankidetza hobetzea. Eta helburu horiek guztiak lortzeko motorra eraldaketa digitala da, azken helburu gisa emaitza ekonomiko hobeak lortzen lagunduko gaituena, hasieran lantzen genituen produktu/zerbitzu guztiz deberdinekin ere bai.

Eraldaketa digitalari esker, gure enpresak lehiakorragoak izango dira eta emaitza ekonomikoak hobetuko dituzte, lanpostu hobeak lortuz, ordainsari hobearekin, eta, beraz, kalitatezko enplegua duen gizartea ere lortuz, gizarte hobea lortzeko funtsezko oinarria.

 

Positiboki baloratzen dituzu ekarpen ekonomikotik haratago doan finantziazioa duten proiektuak?

Startupei hazten laguntzeko modu asko daude. Jakina, horietako bat finantzaketa ekonomikoko prozesuak dira, baina beste modu asko ere garrantzitsuak izan daitezkeela uste dut. Adibidez, mentoring prozesuetan ari naiz pentsatzen, eta pertsona ekintzaileei laguntzeko funtsezkoak direla iruditzen zait. Egoera berdinak edo ez hain berdinak bizi dituzten pertsonak ezagutzeak heltzen eta hazten laguntzen digute. Aliantzen kudeaketan ere ari naiz pentsatzen, beste enpresa edo startup batzuekin elkarlanean aritzeko eta hazten laguntzeko.

 

Zer gomendatuko zenieke pertsona ekintzaileei beren proiektua ikusarazteko eta finantziazioa lortzeko?

Negozioaren ideia eta proiektua nola monetizatu argi izatea. Funtsezkoa da inbertsioa nola itzuli argi izatea, horixe ebaluatuko baitute azkenean inbertitzaileek. Ekintzailetza-ideiak dituzten pertsonekin hitz egiten dudanean, askok ez dute argi nola errentagarri bihurtu. Zuk zeuk ez baduzu ulertzen nola, noiz eta non errentagarri bihurtu zure proiektua, ezinezkoa izango da inork finantzatu nahi izatea. Itzulera hori nola lortu argi izan ondoren, behar bezala ulertu behar da zein diren benetako inbertsio-beharrak, eta, horren arabera, behar horiei ondoen egokitzen zaizkien inbertsio-moduak bilatu behar dira. Azkenik, zure beharretara egokitutako inbertsio-modua identifikatu ondoren, garrantzitsua da inbertitzaileengan konfiantza, seriotasuna eta zure negozioan inbertitzeko gogoa sortzea, haiek izan daitezen zure proiektuan parte hartzeko beharra dutenak.

 

Zer aholku emango zenieke etorkizuneko ekintzaileei?

Ilusioa, pazientzia, lana eta ikuspegia.

Proiektu bati ekiteko ilusioa, hazteko lana, zailtasunak gainditzeko pazientzia eta une egokian erabaki egokiak hartzen jakiteko ikuspegia.

 

EGUNEZ EGUN GURE EKOSISTEMA PROPIOA SORTZEN; BIZKAIAN EGITEN DUGU: SINETSI, SORTU ETA HAZI. EZAGUTU CROWDFUNDING BIZKAIA.