Bizkaiko Foru Aldundia | Diputación Foral de Bizkaia

Ezagutu errentagarritasun ekonomiko eta finantzarioaren arteko desberdintasuna

Errentagarritasuna inbertsio eta enpresa-munduko oinarrietariko bat da. Izan ere, errentagarritasun-ratioak enpresa bat kostuei eta langileen ordainsariei aurre egiteko gai den eta, gainera, etekinak lor ditzakeen jakiteko adierazleak dira.

Gaingiroki, operazio batean lortutako mozkina da. Errentagarritasuna, beraz, ezinbesteko baldintza da edozein ekimen ekintzaileren jarraipenerako, eta funtsezkoa ere bada crowdequityren bidezko inbertsio txanda bat prestatzea.

Hala ere, errentagarritasun ekonomikoa eta finantzarioa zer diren bereizi beharra dago. Bi adierazpen horiek askotan sinonimotzat erabiltzen diren arren, ekintzaile orok kontuan izan behar du batak zein besteak enpresa ororen bideragarritasuna baldintzatzen duela.

Zer da errentagarritasun ekonomikoa?

Interesak eta zergak ordaindu aurreko mozkinaren (irabazi gordina) eta aktibo osoaren arteko erlazioa da. Errentagarritasun mota hau, epe edo ekitaldi zehatz batean burututako eragiketa guztiekiko lortutako mozkinen batezbestekoa da. Esan beharrik ez dago eragiketa horien helburua errentagarritasuna lortzea dela. Beraz, errentagarritasun ekonomikoa aktiboen itzulera adierazten duen ratioa ere bada –ROA, ingeleseko siglengatik, R(eturn)O(n)A(ssets)– eta enpresa-kudeaketaren eraginkortasuna ebaluatzeko oinarrizko adierazlea da, aktiboen portaera baita, haien finantziazioa kontuan hartu gabe, enpresa bat ekonomikoki errentagarria den ala ez zehazten duena.

Enpresaren jarduera eta eragiketak optimizatzen joan ahala, lortutako errentagarritasun ekonomikoa handiagoa izango da. Hori lortzeko bi modu hurrengoak dira:

  • Salmenten kopurua handitzen saiatu.
  • Salmenta bakoitzari dagokion mozkin-marjina handitu.

Hala ere, ekintzaile orok kontuan izan behar du bai errentagarritasun ekonomikoa bai finantzarioak enpresaren bideragarritasunean eragina duela.

NOLA KALKULATZEN DA ERRENTAGARRITASUN EKONOMIKOA

Aktiboen gaineko errentagarritasunak enpresak interes eta zergen aurretik lortutako mozkinaren eta aktibo osoaren balioaren arteko erlazioa neurtzen du. Enpresan inbertitutako aktibo bakoitzak ematen duen errentagarritasuna adierazten du.

Matematikoki, errentagarritasun ekonomikoa edo ROA honela kalkulatzen da: interesen eta zergen aurretik sortutako mozkina zati inbertsio horren balio totala (enpresa-aktibo osoa) bider 100.

Oro har, enpresa bat “errentagarri” gisa baloratu ahal izateko, ROAk %5etik gorakoa izan behar du. Finantza-erakundeek ROA erabiltzen dute enpresaren bideragarritasuna zehazteko eta, honela, mailegu bat ematen dieten erabakitzeko.

¿Zertan bereizten da errentagarritasun finantzariotik?

Errentagarritasun ekonomikoa eta finantzarioa estu lotuta daude. Lehenengoa enpresa-proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari buruzkoa da, eta bigarrena, berriz, honek bazkideei begira duen bideragarritasunari buruzkoa.

Errentagarritasun ekonomikoa eta finantzarioa enpresaren mozkina zenbatzerakoan elementu desberdinetan oinarritzen dira. Hala, ekonomikoak konpainiaren aktibo osoa kontuan hartzen duen bitartean, finantzarioak funts propioak baino ez ditu erabiltzen oinarri gisa.

Bestalde, errentagarritasun ekonomikoak interesen eta zergen aurreko mozkinen zenbatekoa hartzen du kontuan, eta finantzarioa kalkulatzeko, berriz, etekin-zifratik abiatzen da, interesak, zergak eta finantza-gastuak aldez aurretik kenduta.

Errentagarritasun finantzarioa ez dago burututako eragiketa guztiei lotuta, enpresaren bazkideei baizik. Bakoitzak bere aldetik lortuko lukeen mozkina proiektuan egindako inbertsioen arabera adierazten du. Bere ezaugarri bat errentagarritasun hau artikulu honetan lehenago azaldutako funts propioetatik datorrela da.

Errentagarritasun ekonomikoa ROAren bidez adierazten bada, finantzarioa ROEarekin (ingelesezko Return On Equity-tik dator) adierazten da, kontzeptu honek mozkin eta funts propioen arteko aldea adierazten duelarik.

ROE parametrorik garrantzitsuena da enpresentzat, lortutako irabazi garbia akziodunen inbertsioarekin alderatuta puntuatzen baitu. Halaber, errentagarritasun hau handitzeko zenbait modu ere badaude. Salmentak edo salmenten mozkinen marjina handituz, esaterako. Baina aktibo korrontea murriztuz edo zorren zenbatekoa handituz ere lor daiteke.

NOLA KALKULATZEN DA ERRENTAGARRITASUN FINANTZARIOA

Beharbada, kapitalaren errentagarritasuna balioesteko adierazlerik onena da. ROEk (Return On Equity) sozietatearen akziodun edo partaideek kapital sozialarekiko lortzen duten errentagarritasuna neurtzen du.

Errentagarritasun finantzarioaren ratioa edo ROEa honela kalkulatzen da: ekitaldiko irabazi garbia zati aktibo osoak, eta emaitza bider 100. Eskuarki, ratio honen bidez adierazten da:

  • Finantza-errentagarritasuna = Emaitza / Ondare garbia.

Kanpoko funtsak (zorra) erabiltzeak enpresaren errentagarritasun finantzarioa alda dezake. Zorpetzeak interesak ordaintzea dakar, eta hauek, emaitzei gehitzean, mozkin garbia aldatzen dute.

Errentagarritasun ekonomiko eta finantzarioaren adibideak

Bi kontzeptuak bereizteko, bere funtzionamendua azalduko dugu:

  • Errentagarritasun ekonomikoa (ROA). Proiektu batean 10.000 € inbertituz gero 1.000 €-tako mozkina lortuz, %10eko errentagarritasun ekonomikoa eskuratzen da (hau da, inbertitutakoaren 1.000€). Errentagarritasun hori handitzeko, sektorearen arabera, enpresak bere produktuen salmenta-prezioa igo edo ekoizpen-kostuak murriztu ditzake, horrela mozkin-marjina handitzeko. Lehia handia bada eta irabazi-marjina txikia, beste aukera gehiago saltzea da produktuaren errotazioa ahalik eta gehien handitzeko.
  • Errentagarritasun finantzarioa. 10.000€ horietatik, 5.000€ %3ko interes-tasa duen mailegu batetik etor daitezke. Beraz, %3 hori (150€) kendu behar zaio mozkinari, guztira 850€-takoa izanik. Errentagarritasun finantzarioa mozkin eta funts propioen arteko zatiketa denez, %17 izango litzateke, hau da, 850/5000. Kapital propioen errentagarritasuna handitzeko zorra modu positiboan erabiltzeak palanka-efektu finantzarioa deritzogu. Horrela, enpresa batek zorpetzera jo eta bere errentagarritasun finantzarioa hobetu ahal izango du, betiere errentagarritasun ekonomikoa besteen finantzaketaren kostua baino handiagoa bada.

Nolanahi ere, egokiena bi ratioak kalkulatzea eta konparatzea da, enpresaren benetako errentagarritasun-egoera ikusteko. Ratioen arteko aldea hau izan daiteke:

  • Positiboa: ROE ROA baino handiagoa denean, aktiboaren zati bat zorrarekin finantzatu dela esan nahi du, eta, hala, errentagarritasun finantzarioa handitu egin dela.
  • Nulua: bi ratioak balio berdina dutenean egoera ideala da, ez baitago zorrik enpresan eta aktibo guztiak funts propioekin finantzatzen baitira.
  • Negatiboa: ROE ROA baino txikiagoa denean, zorraren batez besteko kostua errentagarritasun ekonomikoa baino handiagoa dela adierazten du.

Proiekturen bat baduzu eta finantziazio bila bazabiltlza, informa zaitez hemen nola aurkeztu dezakezun zure proiektua Crowdfunding Bizkaian.