Bizkaiko Foru Aldundia | Diputación Foral de Bizkaia

Aurrerapen berriak itxarotako Crowdfundingaren Europako Legean

Crowdfundinga, bereziki bere crowdequity aldaeraren bitartez, start-up eta ETEen artean gero eta hedatuago dagoen finantziazio modu bat da. Inbertitzaileentzako errentagarritasun handiagoa, inbertsioagatiko zerga-pizgarriak edo inbertsioaren balioaren hazkunde azkarra crowdequitya inbertitzaileen eta ekintzaileen artean gero eta hobeto balioetsia izatea eragiten duten faktoreetariko batzuk dira soilik.

Jardunbide hauen gorakadaren aurrean, Europar Batasunak (EB) duela urte batzuk  europar mailako crowdfundingaren arautze baten sorkuntza sustatu zuen. Kapital-Merkatuaren Batasunaren ekimen honek ez du soilik enpresa berritzaileek finantziaziora duten sarbidea hobetzea bilatzen; zerbitzu hauen hornitzaile diren enpresen/erakundeen gain eragina duten komunitate barneko hesiak ere ezabatu nahi ditu, horrela inbertsioan aholkularitza zuzena bermatuz.

Ildo horretan zazpi urte inguruko lanaren ostean, duela gutxi Europako Parlamentua eta Europako Kontseilua akordio batera iritsi dira Crowdfundingaren Legea izango dena enpresentzako finantziazio modu gisa sustatzeko.

Azpimarratu beharrekoa da etorkizuneko araudi hau crowdlending eta crowdequity modalitateetan aplikatuko dela. Beste modalitateak, sarietan eta donazioetan oinarritutako crowdfundingak, ez dira lege honetan sartuko.

Crowdfundingaren Europako Legea 2021ean indarrean jartzea espero da, behin bere idazketa bukatu denean eta Finantza-Gaien Batzordeak eta Europar Batasunaren Parlamentuak onartzen dutenean.

Hala, europar estamentuek legean lanean jarraitzen duten arren, jada ezagutzen ditugu bere ezaugarri nagusienetariko batzuk.

  • Araudi hau Europar Batasuneko crowdfunding zerbitzuetan aplikatuko da, urtean 5 milioi eurotako mugarekin ekintzaile edo jabe bakoitzeko. Zenbateko handiagoko inbertsio errondak Finantza-Tresnen Merkatuari buruzko europar zuzentarauari gehituko zaizkion zuzenketa berriei lotuta egongo dira.
  • Finantza-galera posibleen aurrean babes handiena ziurtatzeko helburuarekin, inbertitzaile bakoitzak proiektuaren jabeak prestatutako inbertsioari buruz funtsezko informazioa duen fitxa (KIIS) jaso beharko du. Halaber, crowdfunding zerbitzuen enpresa/erakunde hornitzaileek erabakiak hartzeak dakartzan eragin posibleak argi eta garbi jakinarazi beharko dituzte, besteak beste, kaudimengabezia arriskua, eta proiektua aukeratzeko irizpideak zeintzuk diren azaldu beharko dituzte. “Egiaztatu gabe” bezala identifikatutako inbertitzaileek, gainera, prozesu luze guztian zehar aholkua eta gidaritza sakona jaso beharko dute, galerak bere gain hartzeko bere gaitasuna aztertuz eta edozein erabaki hartu aurretik lau egunetako hausnarketarako aldia emanez.
  • EBeko estatu kideak izango dira bere lurraldean ezarritako crowdfunding zerbitzua eskaintzen duten enpresa/erakunde hornitzaileak baimendu eta gainbegiratzeko ardura izango dutenak. Enpresa hauek, alabaina, Europar Batasun guztian eskaini ahal izango dute beraien zerbitzua.

Laburbilduz etorkizuneko Crowdfundingaren Legearen zati handi bat inbertitzaileen aurrean gardentasun handiena eskaintzera zuzenduko da, bereziki finantziazio modu honen izaera nagusiki digitala denez gero.

Horren harira, Crowdfunding Bizkaiak erakunde publiko batek sustatutako mota honetako lehenengo plataforma izatearen berme guztiak eskaintzen ditu: Bizkaiko Foru Aldundia. Adibidez, lau egunetako hausnarketa aldiari dagokionez, 7 eguneratara luzatzen da inbertitzen den momentutik, eta berriro irekitzen da, beste 7 egunetarako, erronda inbertsio helburuaren %80ra iristen denean.

Bestalde, Crowdfunding Bizkaiak aukeratutako proiektuetan interesatuta dauden inbertitzaileek proiektuaren inguruko agiri asko dituzte eskura, besteak beste:

  • Enpresaren pre-money balioespena
  • Analisi ekonomiko-finantzarioa
  • AMIA azterketa
  • Merkatuaren eta lehiakideen analisia
  • Merkaturatze plana
  • Negozio plana
  • Finantziazio beharrizanak
  • Inbertsioaren helburua
  • Banku-poola
  • Talde ekintzailearen Curriculum Vitaea
  • Erakunde publikoekin zorrik ez izatearen egiaztagiria
  • Proiektua azaltzen duen bideoa

Egunez egun gure ekosistema propioa sortzen; Bizkaian egiten dugu: sinetsi, sortu eta hazi. Ezagutu hemen Crowdfunding Bizkaian inbertitzeko prozesua.