Bizkaiko Foru Aldundia | Diputación Foral de Bizkaia

Osteophoenixen gailuak buru-hezur eta aurpegi-masailen berritzerako

Osasunaren arloan punta-puntako teknologia aplikatuz, Osteophoenix enpresa bioteknologiko bizkaitarra erreferentzia bihurtu da birsorkuntza odontologikoan. Hezurrak eta ehunak modu naturalean birsortzeko sistema eta produktu berritzaileei esker, Osteophoenix nazioarteko merkaturako jauzia prestatzen ari da, bai Europan, bai Estatu Batuetan. Horretarako, Crowdfunding Bizkaian inbertsio-txanda bat jarriko du martxan.

Odontologiaren arloko konponbideez gain, Osteophoenixek buru-hezur eta aurpegi-masailak berreraikitzeko gailuak garatzen ditu. Paziente bakoitzaren neurrira diseinatutako eta fabrikatutako titaniozko gailuak, traumarengatik, tumoreengatik edo sortzetiko gaixotasunengatik hezur-galerak izan dituzten pertsonentzat.

Osteophoenixek duen diseinu-taldeak, nazioarteko kalitate-ziurtagiriak dituzten materialak erabiltzearekin batera, emaitzarik onenak lortzeko aukera ematen du eta pazienteei segurtasun handiagoa eskaintzen die.

Osteophoenixen buru-hezur eta aurpegi-masailetako konponbideak

Traumak, arma-zauriek, tumoreek edo hodietako gaixotasunek eragindako buru-hezurreko eta aurpegi-masailetako akatsak dituzten pertsonek, besteak beste, Osteophoenixen diseinu eta fabrikazioetan aurkitzen dute beraien arazoen konponbidea. Hala, buru-hezurretako berreraikitzeei dagokienez, zehaztapen hauek eskaintzen dituzte:

  • Buru-hezurretako bioereduak, akats eta inplanteekin.
  • Paziente bakoitzaren neurrira diseinatu eta fabrikatutako titanio sinterizatuzko inplantea, 1,5 milimetroko profilarekin.
  • Kirurgia egiteko laguntza teknikoa.
  • Tumoreen kasuan, plangintza birtuala eta erresekzio-gida daude barne, kirurgia bakarra egiteko.

Aurpegi-masailetako akatsak berreraikitzen direnean, Osteophoenixek neurrira diseinatutako eta fabrikatutako hainbat soluzio eskaintzen ditu:

  • Masailezurra plaka anatomikoekin berreraikitzea: alde osasuntsuaren simetriarekin, barailektomia partziala edo osoa duten pazienteek barailaren forma eta funtzionaltasuna berreskura dezakete.
  • Masailezurra perone-zirdinekin berreraikitzea: barailektomia partziala duten pazienteek beren arazoari irtenbidea ematen diote perone-zirdin baskularizatuak edo bestelakoak erabiliz.
  • Aurpegiaren erdiko herena berreraikitzea: malarrak, orbitak eta zigomatikoak berreraikitzeko soluzioak.
  • Neurrira egindako ATM protesiak: aldebakarrekoak edo aldebikoak, konponbide hau egokia da giltzadura tenporo-mandibularreko nahasteetarako, ankilosietarako, tumoreetarako, traumarako edo sortzetiko gaixotasunetarako, besteak beste.

Hemendik gutxira, Osteophoenixek inbertsio-txanda bati ekingo dio Crowdfunding Bizkaian. Txanda honen bidez, odontologiako eta buru-hezur eta aurpegiko-masailetako espezialistei beren gailuak ezagutaraziko zaizkie, eta, era berean, jendeak osasun-arazo larri hauei irtenbide berriak aurkitzeko aukera izango du.

Osteophoenixen datu edo Crowdfunding Bizkaian egingo duten inbertsio-txandari buruz gehiago jakin nahi baduzu sartu hemen.