Networking eta inbertsio ekitaldiak ekintzailetza-ekosistemaren bihotza dira.
Crowdfunding Bizkaiatik uste dugu, startup bateko kide bazara zein pertsona inbertitzailea bazara, ekitaldi batera joateak helburu zehatzetara hurbil zaitzakeela, baldin eta zure asmoa argi baduzu. Artikulu honetan helbururik ohikoenak identifikatzen lagunduko dizugu eta horiek lortzeko nola prestatu azalduko dugu; gainera, txantiloi bat oparituko dizugu, hurrengo ekitaldia zure helburuetan oinarritutako arrakastarako urrats segurua izan dadin.
Startup bat bazara: egokitu zure estrategia zure helburura
Startupek ekitaldietan parte hartzen dute arrazoi askorengatik: beren proiektuen aldeko apustua egingo duten pertsona inbertitzaileak aurkitzea, harreman estrategikoak eraikitzea edo bestelako aukerak sortzea. Hona hemen nola prestatu zure helburuaren arabera:
Zure proiekturako finantzaketa bilatzen ari zara?
Inbertsioa lortzeko, zure proiektuaren funtsezko alderdiak nabarmentzen dituen pitch indartsu bat behar duzu. Azaldu argi zein arazo konpontzen duzun, aurkeztu zure konponbidea eta azpimarratu zergatik den berritzailea. Sartu merkatuaren tamainari eta hazkunde-potentzialari buruzko datuak zure proposamena babesteko, eta prestatu zure proiektua azaltzeko modu desberdinak, elkarrizketak nola garatzen diren kontuan hartuta.
Era berean, funtsezkoa da negozio-ereduari eta espero den itzulerari buruzko galderei erantzungo dieten finantza-proiekzio argiak izatea. Prestaketa sendo batek zure proiektua erakargarriagoa egingo du pertsona inbertitzaileentzat eta oso eraginkorra izango da bigarren bilera bat lortzeko.
Partner estrategikoak aurkitu nahi dituzu?
Aliantzak bilatzen badituzu, azaldu beste pertsona edo enpresek zurekin elkartuta nola lor dezaketen onura. Prestatu lankidetzak sor ditzakeen sinergien adibide zehatzak eta indartu zure mezua aurreko arrakasta-kasuak edo simulazioak erakutsiz.
Zure ikusgarritasuna handitu nahi duzu?
Hasierako fase batean, zure lehentasuna proiektua ezagutaraztea denean, garrantzitsua da erakargarria eta erraz gogoratzeko modukoa den narrazio bat eraikitzea. Eraman zure marka indartzen duten material bisualak eta parte hartu aktiboki ekitaldiko jardueretan ahalik eta pertsona gehienekin konektatzeko.
Baliabide ezagunak erabil ditzakezu, adibidez, enpresaren logodun kamisetak eramatea; baina baita beste batzuk ere: produktuaren lagin bat ematea, ekitaldian bertan demo bat egitea, osagarri deigarri edo bereizgarriak banatzea… Ez ahaztu ekitaldi bat produktu-marketineko, marka-marketineko edo ikusgarritasun pertsonaleko ekintza izan daitekeela. Hausnartu ekitaldiaren aurretik zer behar duzun dena prest izateko.
Zure ideia baliozkotu edo feedbacka jaso nahi duzu?
Ekitaldi batzuk espazio aproposak dira zure proposamena merkatura atera aurretik probatzeko. Prestatu iritziak jasotzeko galdera zehatzak eta egokitu zure diskurtsoa iruzkin eraikitzaileetara irekita egon dadin. Ikuspegi honek zure proposamena indartu dezake finantzaketa edo bazkideak bilatu aurretik.
Pertsona inbertitzailea bazara: identifikatu zure helburua eta prestatu
Inbertitzen dutenentzat, ekitaldiak startupak ezagutzeko aukera hutsa baino askoz gehiago dira. Zure helburuaren arabera, esperientzia ahalik eta gehien aprobetxatzeko ikuspegi argia beharko duzu.
Inbertitzeko proiektu berritzaileak bilatzen ari zara?
Zure helburu nagusia potentzial handiko startupak identifikatzea bada, iritsi ekitaldira aurretik bertan egongo diren proposamenak aztertuta. Zehaztu irizpide nagusiak, hala nola sektorea, eskalagarritasuna eta inpaktua, zure inbertsio-estrategiarekin ondoen lerrokatzen diren aukerak hautatzeko.
Zure inbertsio-zorroa dibertsifikatu nahi duzu?
Ekitaldi berean sektore tradizionaletatik kanpo edo sortzen ari diren sektoreetan lan egiten duten startupak ager daitezke. Zure helburua dibertsifikatzea bada, presta zaitez zure ohiko fokutik kanpo dauden eremuak esploratzeko. Egin galderak merkatu horietako arriskuei, onurei eta eskalagarritasun-planei buruz.
Harreman-sarea zabaldu nahi duzu?
Pertsona inbertitzaile askorentzat, ekitaldiak funtsezkoak dira ekosistemako beste eragileekin harremanak eraikitzeko. Joan startupak ezagutzeko ez ezik, beste inbertitzaileekin edo sektoreko adituekin konektatzeko prest. Harreman horiek etorkizuneko coinbertsio edo lankidetza aukeren hasiera izan daitezke.
Ideia berrien edo tokiko startupek garapena babestu nahi duzu?
Zure eskualdeko ekintzailetza sustatzea motibatzen bazaitu, erabili ekitaldia inpaktu sozial edo ekonomikoa duten proiektuak identifikatzeko plataforma gisa. Prestatu galderak startup horiek tokiko garapenean nola laguntzen duten eta hazteko zer behar duten aztertzeko.
Aurre egin ekitaldiei helburu argi batekin eta estrategia zehatzekin
Ekitaldi batetik ahalik eta etekin handiena ateratzeko gakoa da zergatik zauden han argi izatea eta helburu horrekin bat datorren estrategia prestatzea. Bai startupek bai pertsona inbertitzaileek aurrerapen handiak lor ditzakete intentzioz, konexioz eta prestaketaz jarduten badute.
Parte hartu gure hurrengo ekitaldietan eta ikusi nola bihur ditzakezun zure helburuak emaitza zehatz. Zure momentua da!

